Atzoko manifestazioan esan zidan lagun batek hobe dela konfrontazioak ekiditea; gehiago lortzen dela gauzak azalduta, parekoaren egoera eta arrazoiak ulertzen saiatuta. Badakit egia dela lagunak esandakoa, nire helburua norbait konbentzitzea bada, aukera onena pazientzia eta azalpenak direla. Baina apur bat nekatuta nago pedagogia egin behar izateaz. Benetan eskatu behar zaigu beti zapaltzen gaituzten pertsonak ongi tratatu ditzagun? Benetan gara eskubideak defendatzen ditugunak eguneroko biolentzia txikiak jasan eta pedagogia egiten jarraitu behar dugunak? Badakit nire lankideek ez dutela etxebizitzekin espekulatzen, orokorrean behintzat. Badakit ez dela alboko mahaian esertzen den pertsona botere postuetatik matxismoa hauspotzen duena. Baina zergatik eskaini behar diegu haiei pazientzia eta pedagogia, guk eguneroko mikromatxismo eta errespetu faltak jasaten ditugun bitartean? Hobe da konfrontazioak ekiditea, baina mugak ere beharrezko direla uste dut.