Mezua iritsi zitzaigun atzo laneko posta elektronikora. Azaroaren 11n greba orokorra egongo denez, bilera egingo dute lankide batzuek greba antolatzen hasteko, eta bilera deialdia zabaltzeko zen mezua. Harritu egin ninduen alboko lankidearen galderak mezua irakurri ondoren: greba ere prestatu behar da? Ez dakit zenbat ordu, ez dakit zenbat indar den beharrezkoa greba bat antolatzeko. Baina azken irakasle grebak gogoratuta nekea da burura datorkidan lehena. Zenbat bilera. Lanak banatu. Pankartak prestatu. Idatziak egin. Gurasoei eta ikasleei bidaltzeko mezuak idatzi. Ordutegiak eta materialak antolatu. Lankideak mobilizatzen saiatu. Greba ere prestatu behar da, bai. Etorkizuna orainaldia baino okerragoa izan ez dadin lan egin beharra dago.