Datorren asteburuan izango da Nafarroako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Matematika Olinpiada. Datorren larunbat goizean elkartuko da 14 urte inguruko ikasle mordoxka bat mahaiz betetako gimnasio batean problemak egitera. Eta hala igaroko dute goiza, enuntziatuaren hitzei tiraka ea kontuak ateratzen diren.
Ez dira ikasleak bakarrik izango larunbat goiza institutuan igaroko dutenak. Nafarroako txoko guztietatik bertaratutako familietako kideak izaten dira goiza han igarotzen, eta baita irakasleak ere. Tornamira Nafarroako Matematika Irakasleen elkarteak antolatzen du urtero olinpiada mimo handiz, eta NUPeko irakasle talde bat ere ibiltzen da problemak prestatu, itzuli eta zuzentzen. Lan handia du olinpiadak. Gogoz egiten den arren, bada lana.
Institutura joango gara larunbatean, irakasle eta ikasle. Irribarreren bat lapurtuko digute problemek, harrotasun aurpegiren bat oparituko ikasleek. Eta, beti bezala, elkarlanean ibili daitezen eta matematikari lotuta esperientzia positiboak izan ditzaten lanean jarraituko dugu. Zorte on guztioi!