Elkarrizketak egiten ibili da aste honetan ikaskide bat. Musika entzuteko ohiturei buruz egin behar zituen galderak. Elkarrizketa egingo zidala eta, buruan izan dut kontua egunotan. Nolako musika aukeratzen ote dudan kirola egiteko, oheratu aurretik, komuna garbitzeko, kontzertu bat prestatu bitartean.
Lagunaren galderei erantzun ondoren bestelakoa da buruan bueltaka dabilkidana. Kalera irtetean autoak, txoriak etxera bueltan, hozkailuaren zarata eta berogailuaren zurrumurrua, telefonoaren hotsa, bi basoren topa eta lagunen ahotsak… Eta isiltasuna? Noiz entzuten dut isiltasuna?