Lan prekario bat onartu berri dut. Baldintza zehatzak jakin ez arren, banekien zer ari nintzen onartzen. Udalekuetako garaia etorri zait gogora. Gazteak ginen, behintzat. Gazteegiak urte osoko lanak izateko.
Lana onartu ala ez bueltaka ari nintzela, iritzi desberdinak entzun ditut. Izan da zuzenean galdetu didanik: - ongi kobratuko duzu? – Nik ezetz. – Orduan ez onartu. - Izan da interesgarria dela eta, animatu nauenik. Eta lan eskaintzagatik zoriondu nauenik ere izan da. Apur bat kezkatu nau jarrera horrek. Zenbatetan iruditzen ote zaigu zeozer itxuroso, izen handiko, eta beste ezeri erreparatu gabe ontzat hartzen dugu?
Eskaini zidatenean zalantzak izan nituen, eman nizkion bueltak, eta onartu dut azkenean. Orain bestelakoa da buruan bueltaka dudana. Denok ezetz esango bagenio baldintza duinik gabe lan egiteari. Inork ez balitu halako lanak onartuko. Uste dut tarte batean bueltaka jarraitu beharko dudala.