Ez dizut gezurrik esan nahi, entzule. Gaurkoan ahaztu egin zait hitzordua nuela zurekin. Eta ahanzturari tiraka gogora etorri zait azkenaldian maiz ahazten ditudala gauzak. Edo sentsazio hori dut behintzat: gero eta gauza gehiago ahazten ditudala, gero eta gehiagotan ahazten ditudala pendiente ditudanak. Lan zama izango da, eta bizitzaren erritmo bizi zorabiatu hau. Oinak lurrean ozta-ozta ibiltzen garela, beti korrika.
Eta irrintzia prestatzea ahaztu dudan arren, azken momentuan saiatu nahi izan dut zerbait esaten. Urteak daramatzazulako hilean pare bat aldiz bizitza estresatu honetan agertzen. Eta izaten zara inguruari patxadaz begiratzeko akuilu. Eta izaten zara egun gutxi batzuetan erritmoa apur bat mantsotu eta gogoetan ibiltzeko aitzakia.
Gaurkoan ahaztu egin zait hitzordua nuela zurekin, baina eskaintzen didazunean pentsatzeko arrazoi bilakatu zait ahanztura. Mila esker, entzule.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!