Arratsalde on, entzule. Dagoeneko hasi da ikasturte berria. Eta ez, gaur osteguna izanik ere, irakasle asko ez gara lanera joan. Atzo entzun nuen ordu extra gehien egiten duen langile taldea hezkuntzakoa dela. Ordura arte ez nintzen konturatu hiru aste daramadala atsedenaldietan kalera irten beharrean eraikin barruan lanean, arratsaldero goizean pilatutakoak ozta-ozta amaitzen, iristen ez naizelako sentsazioz. Ez gara lanera joan ikasle asko ditugulako gelan, eta bakoitzari behar duen arreta eskaintzeko denborarik apenas. Ez gara lanera joan burokrazia, bilerak, formakuntza pilatu eta pilatu egiten dizkigutelako, klaseak prestatzeko eta ikasleen beharrak aztertzeko denbora eskaini beharrean. Ez gara lanera joan geure lan baldintzak defendatzeko, bai. Baina, horren gainetik, ez gara lanera joan hezkuntza publikoa defendatu nahi dugulako. Hezkuntza publikoan sinisten dugulako. Ikasleentzat baldintza onenak nahi ditugulako.