Orain dela gutxi ezagutu nuen zango-biola jotzen ikasten ari den 12 urteko mutiko bat. Aitarekin solasean izan nintzen gero, eta ezin galdera bota gabe utzi Kantabrian bizi direla jakitean: zergatik ez du Bilboko kontserbatorioan ikasten?
Espero nezakeen Bilbon zango-biola ikasteko aukera dagoela ez jakitea. Hango irakaslea benetan ona dela inork esan ez izana. Edo Bilbo gustuko ez duela, nik zer dakit. Baina erantzun zidana ez nuen espero. Aita hamabi urteko semeaz hizketan: berak ezin du Bilbon ikasi, ez daki euskaraz. Eta ni zur eta lur. Bai Bilbon eta bai Iruñean, kontserbatorioko ikasgai guztiak gazteleraz ikasi behar izan nituelako. Unibertsitateko hautazko ikasgaiak euskaraz egiteko aukerarik izan ez genuelako. Ezaguna dudalako maisu-maistrek egiten duten lan ikaragarria euskaraz ez dakiten ikasleak talde euskaldunetara iristen zaizkienetan. Ni zur eta lur. Ez nuelako espero kanpoan inork halakorik uste zezakeenik. Ez naizelako kontziente zenbaitek egunero elikatzen duten gorrotoak zenbat muga eraikitzen dituen.