Hamabi edo hamahiru urteko bi mutiko. Liburutegian izaten dira arratsaldeetan, ia egunero, ordu eta erdi inguru. Egunero iristen dira bakoitza bere chromebooka hartuta. Nafarroan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiek dituzte chromebookak. Badakigu, ikasteko behar dituztela. Badakigu, bestela ere ordu gutxi igarotzen dituztela pantaila bati itsatsita.
Ni nire mahaian eserita, tarteka ordenagailuari eta tarteka liburuari begira, 7 metro ingurura. Eta ez dut pentsatu zertan ariko ziren gazteak, zein bere chromebookarekin, bakoitza mahai batean. Bat-batean altxatu da bat aulkiarekin zalaparta sortuz. Erdi harrituta erdi ikaraz estali du ahoa eskuekin (aste honetan arratsaldero egin dio errieta liburuzainak). Ni ere harritu nau zaratak, eta begira nintzen lagunari “Zazpi!” esan dionean erabat pozik. Eta ni ulertu gabe. Liburutegian zein bere chromebooka hartuta institutuko lanak egiten ari diren gaztetxoak zergatik altxatzen ote diren zalapartaka bat-batean. Ulertu gabe ordenagailuan zeozer bilatu eta lagunari, harro asko, “zazpi sartzen dituzten lehen aldia da” esan dion arte. Liburutegian zein bere institutuko chromebookarekin bakoitza mahai batean eserita baina futbol partidu bera ikusten. Zazpi. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari chromebookak sartutako golak izan zitezkeen.