Hilabete da Peraltan lanean hasi nintzela. Bai, badakit. Azkoien esaten dela. Baina ez dut uste Azkoienen lan egiten dudanik. Honek Peralta behar du.
Ez dago euskaraz dakien ikasle bakar bat ere. Eta ez naiz elkarrizketa luze bat izateaz ari, hamar hitz solte ere gehiegi. Harriduraz galdetu dit baten batek ea nongoa naizen. Urrunekoa behar dut, antza, euskaraz ikasi badut umetan. Atzo bertan azaldu zidan batek ez zaiola euskara gustatzen. Hizkuntzaren soinua omen da arazoa. “Ni nafarra naiz, ez Euskadikoa” moduko arrazoiak entzun ditut euskaraz hitz bakar bat ezagutzen ez dutela kontatzerakoan. Ez dut ulertzen zein egoeratan izan dezakeen norbaitek beste pertsona bati bere hizkuntza gustatzen ez zaiola esateko beharra. Urrun sentitu dudala ingurua, hori badakit. Berrogeita hamasei kilometrora baino urrunago.