Harridura ikuskizun

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2022ko api. 28a, 19:49

Aste honetan hasi naiz 9-10 urteko haurrekin online matematika tailerra egiten. Gaitasun altuak. Sekula ez zait etiketa gustatu. Tira, agian etiketa ez; agian etiketaren ondorengoak dira sekula gustatu ez zaizkidanak. Gero eta konbentzituago bainago, arlo batzuetan behintzat, beharrezko dela ikasle batzuei material berezia eskaintzea.

Atzo jaso nuen lehen lana eta emozionatu egin nintzen. Nahi zuten moduan eta nahi zutenaren laguntzaz egiteko esan nien. Artean ez ditut haien aurpegiak eta ahotsak ezagutzen. Artean izen bat baino ez dira. Baina emozionatu egin nintzen pantailaren aurrean. Emozionatu ninduen azalpenen zehaztasun eta sinpletasunak; hitz bat ere ez sobera. Emozionatu ninduen ideien argitasunak.

Ikasturteko lehen entzunaldia etorri zitzaidan gogora. Lehen duoa amaitzean irakasleak jarri zuen sorpresa aurpegia txaloka hasi aurretik. Ikasle moduan oso maiz nabaritu arren, agian irakasleok gehiagotan gogoratu beharko genuke zein garrantzitsua den ikasleek harritu gaitzaten prest egotea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!