#ap25nahitasuna

Biharko Donostiako manifestazioan parte hartzera deitu du Nafarroako euskalgintzak

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilua 2015ko ots. 24a, 19:14

Argazkia: Kontseilua

Nafarroako Gobernuak Baztango Udalaren euskara planaren aurka helegitea aurkeztu izana gogor kritikatu dute

Nafarroako euskalgintzaren ordezkaritza zabala bildu gara azken aldian Estatuen zein Nafarroako Gobernuaren aldetik hizkuntza-politikari lotuta jazotako injerentziak salatzeko. Gaurkoan bereziki Baztanen gertatutako salatu nahi dugu. Baztango udalak konpromiso irmoa du herritarrek duten euskaraz bizitzeko nahia errealitate bihurtzeko. Ildo horretan ulertu behar dugu UEMAn sartzeko hartu berri duen konpromisoa eta zentzu horretan doa ere Euskara plana onartu izana.

Bada, azken aldian ohiko bihurtzen ari da Euskal Herrian administrazioren batek hizkuntza-politikari lotutako erabaki ausartaren bat hartzen duen bakoitzean, horren aurka egitea. Baztango udalaren kasuan Nafarroako Gobernuaren eskutik etorri da esku-hartzea. Baina berdin gertatzen ari da EAEn zein Ipar Euskal Herrian hizkuntza-politikari lotuta neurri ausartak hartzen ari diren hainbat administrazioekin ere, lehenean Carlos Uquijo Estatu espainiarreko ordezkariaren bitartez eta bigarrenean Prefetaren bitartez jasotzen ari diren helegite eta zigorren bitartez. Gogor gaitzetsi nahi dugu hauen jarduna, zeinaren bitartez euskara desagerrarazi nahi duten.

Baztango udalak, herritarrek duten euskaraz bizitzeko nahiari jarraituz eta hauen hizkuntza-eskubideak babesteko helburuz neurri eraginkorrak hartzeko asmoz onartu zuen Euskara plana, besteak beste. Aitzitik, Nafarroako Gobernuak helegitea jarri dio Baztango udalari.

Guk, Nafarroako euskaltzaleok argi dugu bidea zein den. Argi dugu Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikak nora garamatzan eta ez gaude hau onartzeko prest. Bere jardunarekin euskara desagerrarazi nahi du Barcinaren gobernuak eta guk ez diogu hori egiten utziko.

Baztango udalak argi adierazi du abiatutako bidearekin jarraitzeko duen asmoa. Eta guk, gure aldetik hori babestu nahi dugu. Jarraitu beharreko bidea, Baztanek hartu duena da, gure ustez. Hizkuntza bat normalizatzeko beharrezkoa da neurri politikoak hartzea eta hain zuzen ere, hori egiten ari dira gaur egun hainbat administrazio, tartean Baztango udala. Gainontzeko udalei eta administrazioei ere bide horri jarrai diezaioten eskatu nahi diegu.

Gauzak gaizki egiten dituztenean salatzen ditugun moduan, guk, euskalgintzako kideok argi adierazi nahi diegu arduradun politikoei behar den norabidean neurriak hartzen dituztenean ondoan izango gaituztela.

Eraso egoera hau salatzeko eta neurri eraginkorrak hartzeko prest dauden pertsonak babesteko manifestazioa egingo du Kontseiluak hilaren 28an Donostian. Bada, Nafarroako euskaltzale guztiak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara! Aldarrikatuko dugu euskaraz bizi nahi dugun pertsonok Donostian.

Amaitzeko, aipatu nahi genuke gaur aipatutakoa adibide bat dela eta Nafarroan euskaldunok oztopo andana dugula egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko. Zoritxarrez, ez da gauza berria guretzat. Ezaguna da euskaltegien egoera, euskaraz Nafarroa osoan ikasteko dauden zailtasunak, euskarazko hedabideek bizi duten egoera prekarioa... Bada, argi dugu Nafarroan behar beharrezkoa dela hizkuntza-politikak egiteko moduan iraultzea eta ildo horretan, guk badugu gure alternatiba. Gure proposamena, apirilaren 25ean aurkeztuko dugu Anaitasunan egingo dugun ekitaldian. Euskaraz bizi nahi duten pertsonei bi hitzordu horiek agendan gorde eta bi egun horietan euren euskaraz bizitzeko nahia irmotasunez ager dezaten gonbita luzatu nahi diegu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!