­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­92+25: Espoliazioak ez du etenik

Erabiltzailearen aurpegia Katakrak 2017ko api. 18a, 10:51

Asteazkena, Apirila 26, 2017 - 19:00

Aurten, Sevillako EXPO '92aren 25.garren urteurrena betetzen da. Garai hartan, Espainiako Estatuak, 1982tik PSOEk zuzendurikoak, " Espainiako demokrazia gaztea”ren bikaintasuna munduari erakusteko alimaleko ahalegina egin zuen, ekitaldi sorta baten bidez glamourra eta modernitatearen irudia emanez: Nazioarteko Sevillako Expo, Bartzelonako Olinpiar Jokoak, Europako Kultur Hiriburutza Madrilen, eta horien guztien agertoki gisa, historian izandako genozidio handienaren V mendeurrenaren ospakizuna, alegia Abya Yala (gaizki deituriko America) ren konkista, arpilaketa eta kolonizazioa, eurek zinikoki “Kulturen topaketa” deitu zutena.

92ko arrandiakeriaren abiapuntua Sevillako Expo izan zen. Garapen teknologikoaren munduko erakusleihoa, zientzia eta teknologiaren apologia gordinena, populazioari konfidantza berria emateko sistema kapitalista izango dela geure etorkizuna bermatuko duena. Horretarako dirua, energia, ura, eta beste baliabideak itxuragabe xahutu zituzten azpiegitura berriak sortzeko (Estatuko lehen AHTa, autobideak, aireportuaren handitzea, ...), nekazal erabilera zuen Cartuja-ko uhartea Expo-ren egoitza izan zedin hormigonatzeko, eta aldiberean, Sevillako erdigunea "garbitu" eta txabola guneak mugiarazi zituzten, higiezin- espekulazioa goratuz, eta bere ordena mantentzeko 12.000 polizia bertaratuz.

Exporen aurkako protesta baketsuetan Estatuko jendeaz gain , Europako beste herrialdetakoek eta Abya Yala-ko indigenek parte hartu zuten. Estatuak basakeria handiz erantzun zuen: 3 pertsona balaz zaurituak (bat erietxean klinikoki hilda sartu eta zorte handiz salbatu zen), dozenaka kolpatu eta 84 atxilotutako (horietatik 11k espetxean 3 aste igaro eta 42, Atzerritarren Legea ezarrita, herrialdetik kanporatuak izan ziren). Hau guztia ohartarazpen krudela izan zen inork 92ko muntaia sala ez zezan. Ondoren, Olinpiar Jokuen bezperatan, Kataluniako 45 independentisten atxiloketa eta torturak helduko ziren.
 
Gertakari horietatik 25 urte iragan ondoren zera ikusten dugu: ez ta polizia bakar bat ere ez da serioski zigortua izan (zerbitzuko hilabete bat edo besteren etetea izan ezik), xahuketa ekonomiko zein ustelkeria kasu nabarmenengatik inongo politikarik ezta enpresabururik ez dute eman behar izan inolako azalpenik, ezta gobernari batek ere ez du autokritikarik txikiena ere agertu. Makro-ekitaldia mota hauen galtzailerik handienak betikoak izan ziren: Sevillako auzo txiroenak, garaiko narko-poliziaren mafia pairatzeaz gain, espekulazioa, horniduren gabezia, lan eza eta marjinazioaren ondorioak jasaten segitzen dutenak.Andaluzian, garai hartako gaindimentsionatutako azpiegiturak urte luzez azpierabiliak izan ziren eta batzuek horrela segitzen dute. Egun, beste batzuk eraikitzen dihardute, herri askok beren ur hornidura oraindik konpondu ez duten bitartean; turismo basatiak kostaldea suntsitu du, golf zelaiak ugaldu dira eta langabezia maila estatuko altuenetako bat da, biztanleriaren sektore zabalak bizirautera edo emigraziora kondenatuz.

92ak Espainiako estatuan lehen eta ondorena markatu zituen: Lan erreforma, Greba, Herritarren Segurtasuna eta Atzerritarren legeak onartu ziren. Estatua Europako merkatu batuan eta Schengen eremuan sartu zen. Horrela, hegoaldeko muga gotortu zen neokolonialismoak eragindako miseriatik ihesi etorritako afrikar pobretuen sarrera galarazteko, horietako asko Abya Yala arpilatzeko duela 500 urte erabilitako esklabu haien ondorengoak. Horietako batzuek erdi-esklabotza sistema batean Almeriako negutegietan, Huelvako marrubi sailetan, etxeko enplegatu gisa, etabar..lan egiten dute eta ez zaie Espainiako nazionalitatea emango 10 urtez esplotatuak izan arte.

Bestalde, Espainiako estatuaren klase herrikoiek krisi sistemikoaren ondorioak pairatzen dituzte: murrizketak, zerbitzu publikoen pribatizazioak, etxe kaleratzeak, lan ezegonkortasuna, langabezia,... Bitartean, banketxeak erreskatatzen dira eta klase politiko ustelak poltsikoak betetzen ditu, eraikuntza enpresa handiei onura eginaz, estatua porlan eta hormigoiez betetzeko, neurri handi batean, egungo zorraren erantzule. Espainiako zein euskal enpresa handiek Abya Yala eta beste kontinenteetako espoliazioan aurrera segitzen dute, euren baliabide naturalak arpilatuz, monopolio ekonomikoak eta turismo guneak sortuz. Espainiako neokolonialismoa sasoiko dago.

Hau guztia, lurraren suntsiketa atzeraezina eta Ipar-Hegoaren arteko ezberdintasunak gaindiezinak diren nazioarteko testuinguruan kokaturik.

25 urte igaro ondoren, espoliazioak aurrera segitzen du.
                                  
                           Expo-errepresioak kalteturiko Euskal Herriko Batzarra

Euskara

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!