Jon Mattin Matxain: Homeopatia

Erabiltzailearen aurpegia Jon Mattin Matxain 2018ko aza. 12a, 18:56

"Argi eta garbi esan dezakegu produktu homeopatikoek ezin dutela sendatu. Baina, jende askoren esanetan homeopatiak hobetzen lagundu die…"

Duela aste pare bat edo Espainiako Osasun Ministerioak milaka produktu homeopatikoaren salmenta debekatu zuen. Esparru legaletatik eta ekonomikoetatik at, gaurkoan homeopatia ikuspegi zientifikotik ikusiko dugu. Homeopatia zer den, eta medikamenduetatik desberdintzen dituena ikustea izanen da gaurko helburua. Lehenik eta behin, zer da homeopatia?

 

Zer da homeopatia? Duela 200 urte Samuel Hahnemannek proposatutako terapia bat da. Garai hartan, medikuntza, biologia, kimika eta fisikaren inguruan gaur egun dakigunaz ideiarik ez zuten. Homeopatiaren doktrina zertan datza: “antzekoa denak antzekoa sendatzen du”. Horrela, gaixotzen duen zerbait sendatzeko gaixotasun hori sortzen duen antzeko zerbait hartu behar da, baina uretan diluituta. Zenbat diluitzen da? Zenbat ur botatzen zaio? Ba sendatzen omen duen sustantziaren molekularik ez gelditu arte. Horrela sortutako diluzioak modu desberdinetan har daitezke. Ohikoena pilula moduan da. Diluzioa azukrezko piluletan pulberizatzen da, eta prest dago hartzeko.

 

Honek, gaixotasunak sendatzeko balio du? Hau erantzuteko, ideia bat garbi izan behar dugu. Ezerk ez du sentatzen mirari bat balitz bezala, medikuntza, biologia, kimika eta fisikaren legeak bete gabe. Ez da nahikoa sendatzen duela iruditzea, benetan hórrela den demostratu behar da. Konproba dezagun hau gertatzen den ala ez, laburki.

 

  • Medikamenduen froga: medikamenduek gizakiongan funtzionatzen dutela, eta osasunerako kaltegarriak ez direla frogatzeko azken pausua entsaio klinikoak dira. Entsaio hauetan, bi gaixo talde osatzen dira, eta bati frogatzen ari garen medikamendua ematen zaio, eta besteari plazeboa (inokuoa den sustantzia bat). Gaixoek ez dakite zer ari diren hartzen. Ez hori bakarrik, entsaio klinikoa egiten ari diren medikuek ere ez dakite zer ematen dioten bati ala besteari. Honela, prozesuan egon daitezkeen aurreiritziak ala norberaren garunaren tranpak saiesten ahal dira, emaitza askoz ere fidagarriagoak lortuz. Esan beharra dago produktu homeopatikoek inoiz ez dutela plazeboa baino emaitza hobeagorik lortu. Hortaz, produktu homeopatikoei ezin diegu medikamenduak deitu. Ez dute demostratu medikamenduak direnik.

 

  • Biologia/kimikaren ikuspegia: duela 200 urte ezezaguna zen oraindik, baina gaixotasunak patogenoen bidez gertatzen dira. Birusak, bakterioak, etab. Hauek erreakzio kimikoen bidez sortzen dute gaixotasuna. Gure gorputzak hauengandik babesteko, erreakzio kimikoen bidez egiten du. Medikamenduak, erreakzio kimiko hauek indartzen ala konplementatzen dituzten beste erreakzio kimikoak ematen dituzte, patogenoak ahulduz ala suntsituz. Horrela, gure sistema inmuneari laguntzen diote. Hortaz, nahi eta nahiez, hartzen dugunean medikamenduren bat, erreakzio kimikoren bat edo beste gertatzeko da. Gogoan hartu behar dugu produktu homeopatikoetan ez dagoela jatorrizko “sendagarriaren” molekularik, oso-oso diluituak daudelako. Sendatzen omen duen sustantziaren molekularik ez badago, nola emango dute gure gorputzean sendatzeko behar diren erreakzio kimikoak?

 

  • Ikuspegi fisikoa: homeopatek, aurreko argumentuarekin topatu zirenean, demostratu gabeko kontzeptu bat asmatu zuten: uraren memoria. Beraien esanetan, ura gai da bere baitan disolbatuta egon den produktu homeopatikoaren propietateak gogoratzeko. Honen bidez, sendatzeko gai izanen lirateke beharrezkoak diren erreakzio kimikoak emanen liratekelako. Ideia polita da, baina faltsua. Gainera, urak memoria izanen balu, zergatik gorde beharko luke hain justu produktu homeopatikoaren memoria, eta ez gure komunetik behera joatean eramandako konposatuen memoria? Dena den, idei hau faltsua da. Izan ere, materiaren arteko elkarrekintzen inguruan dakigunarekin kontraesanean dago. Izan ere, molekulek beraien artean elkarrekintza dute, eta behin produktu homeopatikoaren molekula kenduz gero, bere inguruan zeuden ur molekulek beraien artean dute elkarrekintza, hori bait da energia minimoko egoera. Baina molekulak oso txikiak dira, eta ezin ditugu ikusi. Adibide sinple batekin azalduko dugu mikroskopikoki gelditzen dena. Imajina ditzagun mahai bat eta saskibaloi pelota bat. Saskibaloi pelota ez da lurrera erortzen mahaiak eusten duelako, ezta? Zer gertatuko litzateke mahaia kenduko bagenu? Zalantzarik gabe, pelota lurrera eroriko litzatekela, ezta? Saskibaloi hori homeopatikoa balitz, gogoratuko luke hor mahai bat zegoela eta airean geldituko litzateke, lurrera erori gabe. Inondik inora hau ez da gertatzen, Lurraren grabitateagatik. Era berean, molekulen arteko elkarrekintza elektromagnetikoarengatik urak ez du “gogoratzen” hor zegoena, eta hare gutxiago bere propietateak gordetzen.

 

Hau ikusita, argi eta garbi esan dezakegu produktu homeopatikoek ezin dutela sendatu. Baina, jende askoren esanetan homeopatiak hobetzen lagundu die…

 

Zergatik pertsona askok baieztatzen dute homeopatiazko produktuak hartuta osasunez hobetu dutela?Efektu psikologikoa da, isuri kognitibo bat (sesgo kognitiboa), kausa-efektu faltsuaren arrazonamendua. Produktu homeopatikoak gaixotasun arinentzat hartzen dira gehienbat, eta kasu hauetan gorputza bera bere kabuz gai da gaixotasunari aurre egiteko. Dena den, oso normala da pertsona batek pilula homeopatikoak hartzen badu gaixo dagoenean eta hobetzen bada, bi gauza hauek erlazionatzea: “sendatzen ari naiz pilulak hartu ditudalako”. Horrelako kausa-efektu faltsu asko daude, oso ohikoak dira gizakiongan eta denok egiten ditugu. Esan dezakegu gure ADNan markatuta ditugula, eboluzioan zehar lagungarri izan direlako. Baina, kasu honetan arrazoi faltsuetara eramaten gaitu. Ez, homeopatiak ez du sendatzen.

 

Horrelako beste sesgo kognitibo ala isuri kognitibo ugari daude, ez bakarrik kausa-efektu faltsuarena. Beste batean, agian, hauen inguruan aritu gaitezke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!