Ez gara sartuko honen arrazoiak bilatzen, baina badakigu pertsona askori “punttua” lortzea gustatzen zaiela, desinibizioa lortzeko baina beraien buruaren kontrola mantenduz. Hau da, “alegre” egotea, etab. Eufemismoak “mozkor txikia” ez esateko. Pertsonek egiten ditugu horrelako gauzak, baina, pertsonek bakarrik? Gaur aztertuko dugu ea animalien artean ere ba ote dagoen espezie gehiago konszienteki mozkortzen direnak.
Historian zehar, hainbat animaliak mozkortzen ala drogatzen direla esan ohi da, tokian-tokiko istorioen arabera. Horrela, Australian esaten da ualabi marsupialak mitxoletekin drogatzen direla, ala izurdeak puxika arrainarekin jolasten direla, honek segregatzen duen sustantzia toxikoa neuroaktiboa denez, modu horretan drogatzeko. Egia da animalia hauen portaera aldatu egiten dela egoera hauetan, baina ez dago batere garbi zein den arrazoia. Alkoholarekin, antzeko istorioak daude tximino mota batzuekin eta elefanteekin. Gaur, bi istorio hauek ekarriko ditugu, eta aztertuko dugu ea egia den ala ez tximinoak eta elefanteak kontzienteki mozkortzen direla.
Tximino berdeak Afrikarrak dira, baina esklabistek XVIII. Mendearen inguruan tximino hauek maskota gisa hartzen zituzten, eta hori dela eta, gaur egun tximino hauek Caribeko hainbat irletan aurkitzen ahal dira. Ingurune honetan azukre kanabera asko zegoen, eta bertako azukrea erretzean ala fermentatzean, hartzitzean, tximino hauentzat golosina ederra bilakatzen zen. Horrela, tximinoek 300 urteren bueltan alkoholaren tolerantzia garatzerik izan omen dute. Tokiko istorioen arabera, tximino hauek ehizatzeko, jendeak lehenbizi erakartzen omen zituen ron eta melaza nahasketa bat eskainiz. Horrela, animaliak mozkortzean, errazago omen zen ehizatzea. Tximinoak benetan mozkortzen ziren analizatzeko, ikertzaile mexikar batzuk hau ikertzen hasi ziren. Horretarako, tximino talde handi bati bi aukera eman zieten: ur-azukreduna zuen edalontzi bat ala ur-azukreduna alkohol koktel batekin nahastuta zuen edalontzi bat. Ikerketa honen arabera, 5 tximinoetatik batek nahiago zuen ur-azukreduna alkohol koktel batekin nahastuta, ur-azukreduna baino. Are gehiago, alkohola edaten zuten gehienak tximino gazteak ziren, nerabeak, arrak zein emeak. Honen azalpen posible bat ikertzaile mexikarrek eman zuten: tximino zaharrek alkohola agian baztertzen dute bizitza sozialean ekarriko lukeen tentsioengatik.
Bestalde,elefanteak Hegoafrikan marula izeneko fruitu baten zaleak omen dira. Fruitu hau fermentatuta, hartzitua, dago eta horregatik esaten da hau janda, elefanteak mozkortzen direla. Fruituak janda, hainbat elefanteren portaera aldatzen da, eta mozkorrak baleude bezala portatzen dira. Hau ikusita, ikertzaile batzuk ikerketa bat burutu zuten eta ikusi zuten elefante batzuk %7 alkohola zuen edari batekin, nahikoa kantitate edanda, portaera aldatzeko moduko efektua lortzen zela, beste hitzetan, “mozkortzen” zirela. Naturan ordea, fruituaren alkohol kontzentrazioa askoz ere txikiagoa da, eta elefanteek jan beharko luketen marula kantitatea askoz ere handiagoa litzateke. Hortaz, elefanteak ez dira mozkortzen! Ez behintzat, naturan, marula fruta janda. Hori bai, zer dela eta portaera aldatzen dute zuhaitzen inguruan jatean? Hau ez dago garbi, baina hipotesi desberdinak omen daude. Horien artean, zuhaitzaren enborreko azalea kakalardo mota batzuk daudela, eta hauek sustantzia berezia sortzen omen dutela. Elefanteek ez dute fruitua bakarrik jaten, enborraren azala ere, eta hor legoke arrazoia. Hala ere, hau ez dago oraindik garbi.
Beste animalia batzuk kontzienteki mozkortzen direla erakargarria da, ezta? Istorio gehienetan, ordea, gizakien asmakizuna besterik ez da. Portaera arraroak dauden egoeretan, animalien humanizazioa egiten dugu, animaliei gure portaerak ematen dizkiegu. Hori dela eta, animalia basati mozkorrak ziur aski bakarrik existitzen dira begiratzen ari den pertsonaren begietan eta buruan.