Bizitza, Lurrean soilik?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Mattin Matxain 2016ko eka. 9a, 19:29

Gizakiok aspaldi egiten diogu galdera hau gure buruei, ezta? Ba al dago bizitza Lurretik kanpo? Galdera honen behin betiko erantzuna ez dakigu oraindik, baina bidean badira hainbat datu bilketa, hau posible ote den aztertzeko. 

Horrela, SETI bezalako programak ezagunak dira. Dena den, horrelako programek bizitza inteligentearen bila aritzen dira, eta noski, bizitza aurkitzea zaila bada, inteligentea izatea are zailago. Hori dela eta, orokorrean, zientzialarien esfortzuak galdera xumeagoak erantzutera bideratuta daude gaur egun. Lehenik eta behin, gure planetan bizitza nola sortu eta garatu zen ulertu behar da (aurrerapauso handiak egin dira, baina asko falta zaigu oraindik). Bestaldetik, bizitza izateko beharrezkoak diren baldintzak ezagutu behar dira, eta horrela, ikus daiteke ea beste planeta batzuk baldintza hauek betetzen dituzten. Baldintzak betetzea ez da nahikoa bizitza sortu eta garatzeko, baina beharrezkoak dira. Lehen pausua da. Gaurkoan, baldintza hauetako batzuez arituko gara, eta beste planetetan betetzen diren ala ez nola aztertu dezakegun arituko gara.

 

Ezagunenak diren planetak, noski, gure eguzki sistemako planetak dira. Baina ez dira bakarrak. Gure izarraren, eguzkiaren, inguruan bueltaka dabiltzan planetak bezala, beste izar askoren inguruan planetak biraka daudela aurkitu da. Planeta hauei exoplanetak deitzen dira. Duela hilabete bat arte, 1200 inguru ezagutzen ziren. Duela aste batzuk, ordea, Kepler teleskopio espazialari esker, beste 1200 inguru aurkitu dutela jakinarazi zuen NASAk. Lurra bezalako beste planeta bat aurkitzeko probabilitatea handituz doa, hortaz. Exoplaneta hauek oso urrun daude (ezagutzen den gertuena 21 argi/urtera dago: mila milioi kilometrora, gutxi gora behera), eta ezin dugu, oraindik, zehatz-mehatz nolakoak diren ezagutu. Dena den, zerbait badakigu.

 

Bizitza eduki ahal izateko, bizitza guk ezagutzen dugun moduan behintzat, exoplanetek ezaugarri batzuk bete behar dituzte: a) ez dira gaseosoak izan behar, Jupiter bezala. Lurtarrak izan behar dira, gure Lurra moduan. b) Ura izan behar dute. c) Bizigarritasun zonaldean izan behar dira, hau da, bere izarretik distantzia jakin batera egon behar dira: ez oso gertu, beroegia ez izateko, eta ez oso urrun, hotzegia ez izateko. Gogoan izan behar dugu beharrezkoa den ura, likido eran egon behar dela. Aurkitu berri dituzten planeta hauetatik, erdia Lurtarrak dira, baina bakarrik 9 daude bizigarritasun zonaldean. Horrela, guztira 21 ezagutzen dira bizigarritasun zonaldean. Hau da, ura izan dezakete likido eran.

 

Exoplanetan ura dagoen ala ez jakiteko ezin gara bertara joan. Hortaz, ezin dugu jakin, gaur egun, ur likidoa dagoen ala ez. Dena den, ez dago dena galduta. Exoplaneten atmosferan ura dagoen ala ez jakin dezakegu. Horretarako, atmosfera horretatik pasatzen den argia tentuz aztertu behar dugu. Molekulek argia harrapatzeko gai dira, eta zorionez guretzat, molekula mota bakoitzak argi konkretuak harrapatzen ditu. Hau da, molekulek argi espektroan hatz-marken antzekoak uzten dituzte. Izarrek argi mota guztiak igortzen dituzte, eta exoplaneten atmosferatik pasatzean, bertako molekulek argi mota batzuk harrapatuko dituzte. Guk egin behar dugun gauza “bakarra” argi hau analizatzea da, eta falta diren argi motak aurkitu. Hau jakinda, atmosfera horretan ura dagoen ala ez jakin dezakegu. Orain arte, exoplaneta gutxi batzuetan uraren aztarnak aurkitu dira. Kepler teleskopioak bildutako datu kantitate itzela dute analizatzeko orain zientzialariek. Izan ere, datu hauen artean, exoplaneta hauetako batean ura dagoela frogatzen duten datuak egon daitezke.

 

Gaur egungo datuak estrapolatzen badira, gure galaxian mila milioika planeta egon daitezkeela ondorioztatzen da. Hauetako batzuk bizigarritasun zonaldean egonen dira, eta batzuk ura izanen dute. Kontuan hartuta asteroideetan bizitzaren prekursoreak diren molekulak aurkitu direla, nork esan dezake beste planeta batzuetan bizitza ez dagoenik? Dena den, ez dugu oraindik honen froga zuzenik. Hortaz, ezin da deus ziurtasunez esan. Nire ustez, probabilitatez, egunen batean bizitza estralurtarra aurkitu dela iragarriko da. Egun hori nik ikusiko dudan, ordea, ez dut horren garbi. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!