Zinbat zubia; hilen zubia

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia

Pertsiako elezahar batek dioenez, gizakia hil eta gero, arima ondo-ondoan gelditzen zaio, hurbil-hurbil lau egunez eta lau gauez. Denbora hori pasatuta, arima hilen zubira joan behar da epaitua izateko, Zinbat izeneko zubira. Bizitzan zehar gizakiaren jokaera duin eta zuzena izan bada, haize gozo batek laztantzen du haren arima, urrin delizios eta freskotasun paregabe batekin batera.
Orduan agertzen zaio emakume gazte eder eta lirain bat, izar baten pareko begi dirdiratsuak dituena. Nor den, emakumeak berak adierazten du: bizitzan zehar egindako pentsamendu eta ekintza onen biltzailea da. Hartara, emakume eder eta galant horrek gizakiaren arima Ormuz-eko paradisurantz bideratuko du.   
Baina, bizitzan zehar gizakia makurra eta maltzurra izan bada, gizaki gaiztoaren arima Zinbat zubira heldutakoan haize bufada zakar batek jasoko du. Gizaki makurraren arimaren zain emakume zoldatsu bat egonen da, gorputz itxuragabe eta aurpegi gaiztokoa. Arimak galdetzen badio emakumeari ea nor den, erantzunen dio bizitzan zehar egindako pentsamendu eta ekintza txarren biltzailea dela. Hori horrela, emakume izugarri horrek Gezurren Etxearen infernuetako batera bideratuko du.
Donald Trumpek Ormuz-eko paradisua bereganatu nahi zuen, baina Gezurren Etxearen infernuetako batera kondenatuta dago; jadanik galdu egin du partida hori, egiaz eta benaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!