Etxebizitzaren arazoa eta Elizaren adarjotzea

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia

Urriak sei ditu eta gaurko predikua irakurri dut, San Mateoren liburutik hartua.

 

“Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko dizue; eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitzen, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio.”

 

Etxebizitzaren arazoaren soluzio bat dakar Ebanjelioak. Eliza Katolikoak dituen etxe, abade-etxe ikastetxe, erresidentzia, monasterio eta beste higiezinak askotarikoak dira. Elizak apaiz, apezpiku eta enparauak gizentzeko biderkatu ditu ondasunak, horretarako Kristoren Ebanjeliotik hartutako hitzak usteldu dituelarik.

 

San Mateoren liburutik berriz: “Eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitzen, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio.” Amen.

 

Hemen, eskatu dugu herrietako eliza, baratze, apaizetxe eta baselizak Herriari itzultzeko eta diru-goseak usteldutako Elizaren ezezko biribila jaso; bilatu, baina ez duzue apaiz gehien-gehienengan ez gupidarik, ez errukirik aurkituko; inmatrikulazioen kontura Apezpikuaren egoitzaren atea jo dugu baina ez du atea zabaldu.

 

Eliza Katolikoak etxe, apartamentu, eta beste hainbat higiezin ditu hutsik, espekulazioaren emaitza. Bada erreforma protestantearen garaiko kritika satiriko bat: “Accipe, cape, rape, sunt tria verba papae”, hauxe esan nahi duena “Eskuratu, hartu eta harrapatu, Aita Santuaren hiru hitzak dira”. Esakuneak ez du gaurkotasunik galdu. Nahitaezko desjabetzea bide bat da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!