Udaberria hasi berrian Iruñeko Kale Berrian Berria berripaperaren egoitza berria. Berri ona! Irrintzi dorreko egoitza xumetik Kale Berriko egoitza dotorera egin du migrazioa Berria egunkari indarberrituak.
Udaberria hasi berrian ez dut oraino japoniar moldeko haiku edo bestelako poemarik idatzi, baina urtarorik emankorrenean izanik, tapi-tapa noa Alde Zaharretik Arrotxapearantz, agertuko zait-eta poema baten bat, Argako ibai parkean.
Udaberria hasi berrian, ene gogoan iragan den asteko greba orokor arrakastatsuaren eta pasatu berria den Korrika ederraren oihartzuna oraino itzali ez delarik ere, bada Argako ibai parkean ene arreta erakarri duten beste hots batzuk: txantxangorri baten kantua txepetx batenarekin uztartzen da, solasean eta jolasean arituko balira bezala...
Orduan ohartu naiz udaberri hasi berri honetan hortxe dagoela japoniar moldeko poema ttipi bat, haiku bat, Arga ibai parkean nork harrapatuko zain:
Txantxagorria
eta txepetxa kantuz,
norgehiagoka
Udaberrria hasi berri honetan, ikusi ez, baina Argaren ondoan aditu dudan txantxangorriaren eta txepetxaren arteko kantu-lehia ez da akaso Berria berripaperean agertzeko moduko albistea, baina sentitu nuenaren izpi bat Euskalerria Irratiaren uhinen bidez zuregana heldu bada, berri ona!