Jesukristo hil omen zuten hogeita hamairu urte zituela. Kristoren adina, beti 33, kristau hazitu eta hezitu gaituztenontzat. Saharako beduino zaharrek diotenez, gamelua 33 urte, 3 hilabete, 3 aste eta 3 egunez bizi omen du, lehenago aizto batek lepoa mozten ez badio, doike. Gamelua bizirik bada 33 urte, 3 hilabete, 3 aste eta 3 egun duelarik, egun horretan hain zuzen ere bazka bila ateratzen bada basamortu zabalera, gamelua ez da sekula itzuliko. Segur asko akazia baten gerizpean etzan eta 33 urte, 3 hilabete, 3 aste eta 3 egun bete dituelarik, bertan gelditu da betiko, ez baita sekula berriz jaikiko.
Basamortutik Esteribarreko basoetara etorriz, eta mutatis mutandi, Larrasoañako Antonia Elizalde andrea, XXI. mendearen lehen urtearen lehen hilabetearen lehen egunean hil zena, ehun eta bat urterekin. Zifraz adierazita, hil-eguna 2001/01/01; adina 101. Hori bai dela Kristoren adina.