Minutu bateko ezinezko isilaldia

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2025eko urriaren 21a

Isiltasun-minutu bat, Irratian hain kezkagarriak diren hutsune horietariko bat, tarte labur batez badarik ere. [...]

Lasai, entzule; konexioa ez da eten, ez dago neholako arazorik Euskalerria Irratiaren seinalearekin. Begirunezko isiltasun-minutu bat baizik ez, isiltasun ozena entzun dadin, zilegi bazait erabiltzea jadanik maiztuta dagoen oximoron hori, isiltasun ozena. [...]

Isiltasun ozena beraz, jadanik erranda dagoena berriz ere ez esatearren, hori baino ez. Errespetuzko isiltasun-minutu bat, minutu bateko isilunea eginen nuke nik Gaza-n Israelek sarraskitutako palestinarren alde... Haatik, armada sionistaren tiro-hotsek jarraitzen dute isiltasuna eta su-etena urratzen. Israelgo armadak Gazan inpunitate osoz bonbak jaurtikitzen jarraitzen dueino, minutu bateko isilunea ez da atxikitzen ahal: ezinezko ariketa bat da.

Mikel Laboak kantatu zigun: Zer dio isiltzen denak / isiltzen denean. Erranairu zahar batek zera dio: “Entzun eta isil, baiezko borobil”. Israelgo armada kriminalaren inpunitatearen aurrean ez dago isilik geratzerik; ezin isilik egon: ezta minutu bat ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!