XXI. mendeko Inkisizio espainola; ez legezko, ez zilegi

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2023ko aza. 28a, 17:17

Sarri askotan bereizi egiten dugu zer den legezko eta zer den zilegi. Bada, Mikel Albisu Iriarteren aurkako jazarpena ez da, ez legezko, ez zilegi. Izan ere, ez dago inongo epaileren ebazpenik irakurle talde bat koordinatzea galarazten dionik, beraz, irakurle taldeen dinamizatzaile izatea eragoztea ez da legezkoa; era berean, zilegi ere ez da kanpoko eragile batek agintzea, XXI. mendeko inkisidore baten pare, irakurle talde bateko koordinatzailea nolakoa izan behar den eta nolakoa ez, nor izan behar den eta nor ez, ezta zer irakurri behar den eta zer ez. Erro, Artzibar, Aezkoa, Auritz, Aurizberri eta Luzaideko literatura zaleek beraiek dute hitza, eta argi salatu dute bidegabekeria.

Literatur oasi txikiak dauzkagu Nafar Pirinioan, kostata sortuak eta urterik urte zainduak, eta mingarria da oso euskarazko literatur oasi txiki horiek ito nahi izatea. Marokok Mendebaldeko Saharako ur-putzuak pozoitu zituzten gisan, sionistek Gazako ur-putzuak porlanaz bete dituzten moduan, XXI. mendeko Inkisizioak Pirinioko literatur putzu txikiak ere itxi nahi ditu, koordinatzailea gosez eta bertako euskaldunak kultur-egarriz hil daitezen. 
               
Iragan den larunbatean, Nafarroako Liburutegian, Madrilen bizi den María Fernanda Ampuero ekuadortarrak adierazi zuen, espainolak, oro har, aise asaldatzen direla kanpoko injustiziekin, baina ez bertako injustiziarekin; idazle horren susmoa da espainolek kolonizatzaile-nortasuna dutela oraindik. Antza, kolonizatzaile-nortasuna ez ezik, inkisidore-nortasuna ere badute.

Zer egin injustiziaren aurrean? Gutxien-gutxienez, ez gelditu isilik.

Josu Jimenez Maia
Idazlea 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!