Saharako errefuxiatuen kanpamentu guztietan, bibliobusak eta liburutegiak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2023ko ira. 19a, 18:49

Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan liburutegiak eta bibliobusak martxan jartzea du helburu Bubisher proiektuak, orain dela hamabost urte sortu zenetik. Bubisher, izatez, basamortuko txori txiki bat da, itxaropenaren ikur, sahararrek biziki maite dutena. Bubisher Sahararen aldeko idazleek ez ezik, liburuzain, irakasle, maisu-maistra eta bestek ere osatzen dute, betiere Saharako Herriaren behar eta esanetara. 

Hasieratik beretik, liburuz hornitutako bibliobusek oso harrera ona izan zuten errefuxiatuen kanpamentuetan, batez ere, ume sahararren aldetik. Duela zazpi urte, Bubisher txoriak pausatzeko tokiak edo habiak behar zituela eta, Nafarroan, Saharako Kabiak izeneko elkartea sortu zen, Bubisher osatzea, laguntzea eta sustatzea helburu duena. Hartara, Euskal Herrian Saharako Kabiak-en bidez lortzen den diru osoa bideratzen da errefuxiatuen kanpamentuetara. 

Bubisherren urteko asanblada orokorra egin berri da Segoviako Balsain herrian, eta biltzarraren abaroan liburuak aurkeztu ziren, besteak beste, Iturrama Institutuko ikasleek lagundu duten Amalurra Tirisen izeneko poema-liburua, Lehen Hezkuntzarako gida didaktiko bat euskaraz sortua eta gaztelaniara itzuli dena, baita Kamishibai tailer bat ere.

Saharako kanpamentuetan umeei kontatzen zaizkien kamishibai-ipuinak Segoviako Balsain herrian erakustea eta kontatzea hunkigarria izan zen, euskaraz gozatuz giro ederrean maisu-maistra, liburuzain, idazle eta Sahararen aldeko ekintzaile horien aitzinean… Segovian ere,  euskaraz! 

Beraz, badugu zer ospaturik; gainera, azken hilabete hauetan Aaiungo errefuxiatuen kanpamentuan falta zen bibliobusa martxan jarri da jada, eta bertan liburutegi bat eraikitzen eta hornitzen bukatu da, urrian zabalduko eta Pilar Bardem izena izanen duena. Hori horrela, errefuxiatu kanpamentuen Wilaya edo herrialde bakoitzean bibliobus eta liburutegi bana izatea erdietsi da, hamabost urteren bueltan. 

Lana, baina, ez da amaitu. Aaiungo habia berria zabalduta ere, Bubisherrek hegan jarrai dezan lanean jarraitu behar, errefuxiatuen kanpamentuetako egoera latza arinduko badugu behintzat. Euskalerria Irratiko uhinen bidez, Saharar Herriarekiko gure engaiamendua, horren erakusgarri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!