Konkista ez; inbasioa

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2022ko urr. 11a, 17:45

Aspaldi ez dela, sintonia honetan bertan entzun nion erretreta hartua duen historiagile bati geure buruari galdetu eta pentsatu beharko dugula zergatik esaten den penintsula erromatarrek konkistatu egin zutela eta, aldiz, musulmanek inbaditu egin zutela. Txikikeria bat dirudien arren, konkistatu eta inbaditu ez dira sinonimoak, bi hitzek duten karga ezberdina delako.

 Adibidez, espazioaren konkistaz mintzo gara, lorpen bat dela adierazteko; hori horrela, espazioaren konkista positibotzat hartzen da. Orobat, bikotekidea hitzekin konkistatzen da eta bihotzak konkistatzen dira; konkista bat bestea limurtzean datza. Baina espainolek ez zuten Amerika hitzekin konkistatu, odol eta gar baizik, ezpataren metalaren zorrotzaz eta arkabuzen suaren bidez; Ameriketako biztanleentzat ez zen inolako lorpen bat, sarraski eta hilkintza gupidagabea baizik, eta amerikarren bihotzak limurtu ordez, ezpatez erdibitu zituzten espainolek.  

 Inbasio hitzak, berriz, lurralde bat indarrez hartzearekin du lotura argia. Horregatik ez da kasualitatea espainolek biharko festari begira Amerikaren konkistaz mintzatzea, Amerikaren inbasio odoltsua zuritzeko asmoz.

 Nik behintzat argi daukat: Amerikaren konkista ez zen izan, Amerikaren inbasioa baizik. Mintza gaitezen zuzen eta egoki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!