Ihesaldia

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2018ko api. 24a, 18:34

Espainiako espetxe batetik atera eta gero ere, jazarria, mugaz beste aldera ihes egitea erabaki zuen gure protagonistak. Zumarragatik Altsasura trenez joan zen, eta Altsasura helduta, bi goardia zibilekin topatu zen; bizarra tarteka moztua zuen goardi zibilek ezagutu ez zezaten, eta, zorionez, ez zuten ezagutu, bere argazkia Espainiako egunkari gehienetan argitaratua izanagatik. Iruñera heldu eta bizarra osoa egin zuen, badazpada ere; Iruñean txapela beltz bat erosi eta Oiartzun ezizena zuen kontaktu bati esker  mugarako bidea hartu zuten Tilbury motako gurdi batean.
Tilbury hori bi gurpileko zalgurdi txiki bat zen, ez zen karroza handia, eta bi eserleku baino ez zeuzkan, gurpil handi bat alde banatan eta bidaiariak erdiko kaxan sartuta; ez zen sobera egonkorra, eta erraz iraultzen zen. Oiartzun ezizenezko kontaktuak lortutako Tilbury horrek estalkirik zuenentz ez dakigu, baina normalean ez baitzuten kapotarik. Dadakiguna da Auritz eta Orreaga euripean zeharkatu eta azkenean heldu zirela Luzaidera, txapela guztiz blai eta pott eginda heldu ere, ostalesaren harridurako. Diotenez, gero Luzaidetik muga aise pasatu zuen gure protagonistak. Beste garaiak ziren, Tilbury motako gurdiaren detaileak agerian utzi duenez, eta gure protagonista, nor eta Sabino Arana Goiri.
Iragan den igandean Luzaiden izan nintzen, bertako produktuen azokaren karietarat. Gainera, bolantak ez dira egunero ikusten ahal, eta plazan izan nintzen, bertakoen dantza xarmangarria ikusten. Dantzari gazteek inguraturik, plazaren erdian bazen Ameriketatik itzulitako luzaidetar bat, makila artoski ibiltzen zuena, eta haren ondoan mutiko txiki bat, amerikanoari begira eta makila dantzatzen ikasi nahian. Amerikanoak makila trebezia handiz goiti jaurtiki zuelarik, ikusleen artean ikusi nuen itzal beltz bat, gizon baten itzal iheskor bat, txapela beltza buruan eta dotore jantzita, baina antzinakoen moldera, beste garai batekoa balitz bezala. Amerikanoak goiti jaurtiriko makila beheti etorri eta artoski jasotzean, jendearen esku-zartak hasi ziren eta, nire harridurako, beltzez jantzitako itzal txapelduna joana zen ordurako.
    Batek daki, baina segurki ez zen Sabino Arana Goiri egonen bolantak ikusten. Izan ere, Tilbury motako gurdirik ez nuen inguruan ikusi igandean, Luzaiden.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!