Elkarrekin Esnatzeko Ordua nobelaren hasieran, Kirmen Uribek Thomas Mann Nobel saridunaren aipu bat ekartzen digu gogora: “Benetako gertaera bat idazteko premiazko dela hura jazo zenetik urte batzuk igarota izatea; edo, bestela garai historiko berri batean sartuta egon behar duela gizarteak”.
Inpunitatearen aurkako irudiak izeneko zikloa prestatu du Sanferminak 78 gogoan elkarteak. Hiru filmez osatutako ziklo honetan, gaur ikusiko dugu Irlandari buruzko Bloody Sunday. Paul Greengrassen-en film hau, 2002koa da, Bloody Sunday edo Igande Odoltsuko gertaerak izan eta handik hogeita hamar urtera egina. Eta ikusiko dugu filma duela hamasei urte egin zen; beraz, duela berrogeita hamabost urte pasatu dira igande odoltsu horretatik eta Irlanda beste garai historiko batean sartuta dago.
Filmean ikus dezakezue 1972ko urtarrilaren 30ean Derryn gertatutakoa. Igandea zen, eta arratsalde hartan eskubide zibilen aldeko manifestaldi baketsuaren aurka oldartu ziren soldadu britainiarrak: 14 hildako eta beste horrenbeste zauritu eragin zituzten. Horietako bat, Tom Dohertyren aita; Tom Doherty, gaur etortzekoa den lagun irlandarra.
Inpunitatearen aurkako irudiak zikloari hasiera emanen diogu. Datorren asteartean, 20an, Mexikoko Tlatelolco, las claves de la masacre, —Sarraskiaren gakoak— eta hilaren 27an Kataluniako La Revolta Permanent —Matxinada iraunkorra—. Gaur, entzule, aukera baduzu, ez galdu, 7,30etan Iruñean eskainiko den emanaldi bakarrean Bloody Sunday. Bloody Sunday: Igande Odoltsua, Igande Madarikatua. Bloody Sunday-z geroztik, Irlandan ezer ez zer berdina izan.