Aurtengo Nobel sariduna literatur arloan Kazuo Ishiguro izan da. Kazuo Ishiguro jatorri japoniarreko idazle ingeles bat da. Nagasakin jaio zen, 1954an, baina sei urte zituelarik Britaina Handira joan zen bizitzera familiarekin. Ingalaterrako bere etxean japonierari eutsi zioten arren, Kazuo Ishigurok ingelesez idazten ditu bere ipuin eta eleberriak. Eleberri horietako batean Pálida luz en las colinas —Muinoetako argi motela— bada eszena polit bat. Aita zaharra Jiro semearekin xakean ari da, baina Jiro gazteak, axolagabe, ez da batere saiatzen eta aitak, semea aise menpean hartuta, zera esaten dio:
“Jiro, ez zinen jokaldiak hausnartzen ari. Eta umea zinela zenbat aldiz esaten nizun xakean gutxienez hiru jokaldi aurreikusi behar direla. Ez duzu gogoan? Gaurko partidaren lehenbiziko hiru jokaldiak bai pentsatu dituzula. Benetako plan bat zeneukan. Baina plana hautsi dizut eta piezak batetik bestera mugitzen hasi zara. Ez duzu gogoan nik beti esan izan dizudana? Xakean jokaldi koherenteak egin behar dira, bai, baina arerioak plana hausten dizunean, ez duzu amore eman behar; aitzitik, hurrengo plana jarri behar duzu abian. Xakean ez da galtzen erregina guztiz inguratuta dagoenean. Xake partida galtzen da jokalaria estrategiarik gabe geratzen denean. Soldadoak orduan batetik bestera mugitu eta orduan galdu duzu partida.”
Kazuo Ishiguroren liburuaren zati hori irakurtzean, Kataluniaren xake taula etorri zitzaidan burura. Hilabete barru, abenduaren 21ean, hauteskundeak izanen dituzte eta, hauteskundeen biharamunerako, jokaldi bat baino gehiago eduki beharko dute prest lagun katalanek, xakean bezala, gutxienez hiru jolaldi aurreikusita. Edo, badazpada ere, hobe da alfabetoaren letra bakoitzarekin plan bat prestatzea: A plana, B plana eta alfabetoaren letra bakoitzarekin plan bana... Eta katalanezko alfabetoak 29 letra ditu!