Lehengusu txikiaren deiaren zain

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2017ko ira. 27a, 15:16

Oroitzapen batzuk norberaren gogoan gorderik egon daitezke ezkutuan denbora luzez; anitz eta anitz denboraren joanak higatzen ditu, horietako batzuk zeharo ezabatu arte, baina badira batzuk, ustekabeko akuilu batek ziztaturik, berpizten direnak.
Horixe geratu zait niri, Bilboko osaba baten semearen argazkia ikusi berri dudalarik OPUSeko eskola baten aldizkarian, zuzendari-kudeatzaile epigrafepean. Arreta deitu dit, ni-neu ere zuzendari ibili naiz-eta eskola batean, Ezkaba eskola publikoan, ez eskola elitista erligioso batean. Bai, argazkikoa bera da, lehengusu txikia, kargu ponpoxoren azpian dagoena, burusoila eta serio-serio, gorbata beltza jantzita, zuzendari-kudeatzaile karguaren adierazgarri. Urteak daramatzat osabaren eta lehengusu txikiaren berri izan gabe, salbuespen batekin izan ezik, argazki horrek gogora ekarri didana.
Duela hamarkada bat baino gehiago, artean gurasoak bizirik nituela, lehengusu txiki hori kontaktuan jarri zen telefonoz nire gurasoekin eta nire telefonoa eskatu omen zien. Zer nahi zuen, bada, lehengusu txikiak? Euskara ikasi edo hobetu nahi zuen, eta ea nik laguntzen ahal nion edo ea irakatsiko nion, edo gure etxean hartuko genuen barnetegi gisa... Egia esan, ez dakit zer nahi zuen zehazki, sekula ez baitzidan deitu.  
Bihoazkie ikasturte honetako nire lehen irrintzia eta nire animoak euskara ikasteko edo hobetzeko euskaltegi batean izena eman duten irrratiko entzuleei; ongi egin duzue, hobe baita euskaltegi batean izena ematea euskara-irakasle den lehengusu bati telefonoz deitzea baino.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!