Esparza Espartzetan

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2015ko mai. 21a, 18:55

Esparza hautagaiari entzuten diodanean, Espartzetaz oroitzen naiz. Espartzeta Ezkaba mendian dago, Berriozarko auzo zaharretik oso hurbil. Baina Esparzak ez du bere izena daraman leku-izen hori ezagutzeko interesik.
Jakin beharko luke 1938ko maiatzean Ezkabako presondegitik ihesi joandako lau preso Artikan atzeman zituztela. Artikatik Berriozarko eskolara eraman zituzten, gaur egun Lantxotegi den eraikinera. Bazuten Iruñeko epaitegi batera eramaterik; bazuten gotorlekura eramaterik atzera; baina ez, Berriozarko eskolan izan zituzten gatibu.  Eskolako maisuaren emazteari, Mikaelari, atxilotuei afari on-ona presta ziezaiela agindu zioten, eta denbora luzez preso egondako horiek aspaldi ez bezalako afaria ukan omen zuten. Afaldu eta gero, Jose María Salobre apaizarekin bekatuak aitortzeko aukera eman zieten, eta batzuek hala egin omen zuten; beste batzuek, alta, ez. Orduan eskolatik atera eta mendirako bidetik goiti eraman zituzten guardia zibilek, Espartzeta izeneko lekuraino. Handik gutxira tiroak entzun ziren herrian. Harrezkero, isiltasuna nagusi. Handik gutxira, hiltzaileak baizik ez ziren Berriozarrera itzuli.
Hau guztiau kontatu zuena ume-moko bat baino ez zen orduan, baina ederki dauka den-dena gogoan: izan ere, aita izan zuen hiltzaileen aginduz hilobia egin behar izan zuten gizonetako bat. Isiltasunak urteak eta urteak iraun du, isiltasun konplizea batetik, izuak eragindako isiltasun behartua bestetik. Eraildako lau gizon horien izen-abizenak ere ez dakizkigu, eta euren gorpuak hor egon dira urteak eta urteak, arteen artean, laurak elkarrekin, Espartzetan, hiltzaileek abandonatu zituzten leku berean.
Duela aste gutxi batzuk —bazen garaia— lau lagun horien gorpuzkinak erauzi zituzten Aranzadi elkarteko teknikariek Pako Etxeberria forentsea buru zutela: gorpuen buru-hezurrek bala-zulo bana zuten agerian, igande goiz eguzkitsu horretan Espartzetan egon ginenok ikusi genituen. Ez nauzue aditu, eta ikerketak egindakoan, forentsek ebatziko dute; baina agerikoa da ez zutela ohiko fusilamendu bat egin, eta bertatik bertara buruan tiroa emanda erail zituztela.
Duela hilabete batzuk bertan ezarritako oroitarria gurutze esbastikaz tindatu  eta erdi puskatu zuten Nafarroan oso ezagunak diren ezezagun batzuek; etzi ezarriko da berriz, Ahaztuak elkarteak eta Berriozarko Udalak antolatutako ekitaldi batean, arratsaldeko 6etan, hantxe, Espartzetan. Eta Memoriaren Ibilbidea izanen denaren panela ere ezarriko da. Esan gabe doa, gonbidatuta zaudete Euskalerria Irratiko entzule guztiok.
Esparza hautagaiari entzuten diodan bakoitzean Espartzetaz oroitzen naiz, ederki dakidan arren ez duela bere izena daraman leku-izen hori ezagutzeko inolako interesik. Esparza hautagaia ez da inoiz Espartzetan egon, eta ez dut uste etzi hurbilduko denik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!