“Quod non est in actis…”

Erabiltzailearen aurpegia Josu Jimenez Maia 2015ko ots. 12a, 14:58

Paper zaharren artean aztarrika aurkitu nuen orrialde menbretedun bat, Iruñeko Udalaren armarriaren azpian erdara hutsezko gutun bat: Día Europeo La Ciudad, sin mi coche! 2000. urtearen irailaren 22an ospatzeko dei-gutuna. Eskutitzean, oinezkoen, txirrindularien, berebil ekologikoen eta garraio publikoaren aldeko aldarria egiteaz gain, hiri mugikortasunaz eta garraio publikoaren erabili beharraz hausnarketa egiteko dei suharra egiten zuen garai horretako Concejal Especial de Tráfico y Transporte  delakoak.

Sinatzailea, nor eta Ignacio Polo Guilabert jauna. Horrek berak zioenez Día sin mi coche, udalaren autoa hartu eta beste auto bat jo ondoren, komeriak izan zituen udaltzainekin; Ignacio Polo kargoduna, karga-karga eginda, sesioa izan zuena. Dimisioa eman behar izan zuen, noski, eta atzo epaitu dute Iruñean; geroak erranen zertan gelditzen den.

Concejal Especial de Tráfico y Transporte delako Ignacio Polok sinatutako gutuna ikusita, lotsagabea, hipokrita, eta zinikoa hitzak datozkit burura. Garai hartan Barcina zen Iruñeko alkate andrea… Eta baten batek erran lezake Polorena ez dela harritzekoa, zeren eta zinismoa da Barzinismo garaien ezaugarririk behienena. Harritzekoa ez, baina bai larritzeko, aztoratzeko, haserratzeko eta salatzeko, UPNko agintarien jokamolde ustela, nork bere ondorioak atera ditzan.

“Quod non est in actis, non est in mundo” esan ohi dute legelariek: paperean jasota ez dagoena ez da mundu honetan existitzen. Begien aurren daukat Polok igorritako eskutitza, zinismoaren froga, Barzinismo garaien adierazgarri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!