Gaurko argazkia ez da inon argitaratu. Berez, argazkia ere ez da, baizik emailean daukadan erantzun bat. Honela dio: “Kaixo, Mikel. Milesker LABA proiektuari X euroko ekarpena egiteagatik. Ekarpenak egiteko epea amaitzean eta proiektuak behar beste diru lortuz gero kobratuko da dirua”. Minimoa 10.000 eurotan jarri dute, eta nirearen ondoren 9.660 lortuak zituzten, 28 egunen faltan. Beraz, minimoa behintzat segurua da.
Proiektu honetan atentzioa deitu zidan lehenik sare sozialetan jarri duten kanpainak. Logo deigarria eta polita, izen erraza, eta bideo laburrak hainbat pertsonen arteko solasekin. Giro gaztea, freskoa, sorkuntzaz eta kulturaz, euskaraz natural; eta Iruñerrian kokatua, hiriburuko Gaztelu plazan... Osagai guztiak zituen erakargarri izateko. Eta osagai guztien arteko zubi, berritasuna. Hain zuzen, berritasuna dakusat han eta hemen ezagutzen ari naizen hainbat ekimenetan. Azken aspaldiko anbiziotsuena Aiaraldekoa da, toki komunikazioan hasi eta komunitate garapeneko egitasmo bikaina bilakatu dena, sorkuntza, elikadura, kultura, komunikazioa, euskara eta beste hainbat esparru jorratzen dituena. Oso pozgarria zait ikustea halako ekimen berritzailetan zein ondo txertatzen den euskara tresna kohesionatzaile eta eraldatzaile gisa. Hor nahi nuke nik gehiagotan, helburu baino eraldatzeko palanka.
LABA proiektuan bezala, hain zuzen. Hasieran esan dut 10.000 euroko minimoa seguru dutela, baina nahi 30.000 nahi dituzte. Beraz... laba.eus!