Gaur ez daukat argazkirik. Begiak ixtea erabaki dut, atseden hartzea. Horregatik, argazkiaren tokia beltzean dago.
Badaramagu urte bete espazio informatiboaren hiru laurden pandemiari eskaintzen. Esango digute gaiaren tamainak eskatzen duela, eguna joan eta eguna etorri, birusaren inguruko kontuei halako tokia ematea, garrantzitsua dela herritarra informatuta egotea. Hala balitz, sikiera! Ze ez dut uste ondo informatuta gaudenik, albiste ugaritasunaren azpian informazio pobrea eta interesatua dabilela gehienbat, ez gaituztela herritarrak pertsona heldutzat hartzen, eta horregatik ez daukagula konfiantza handirik agintariengan.
Eta informazioaren beste laurdena ere ez da txapleguka hastekoa. Badirudi pandemiak uzten duen espazio apurra garestitu egin dela, eta tokia lortzeko albiste harrigarriak sortu behar direla; edota, beldurrak eta saturazioak herritarron arreta ahuldu dutenez, badela egoera probesten duenik gai lazgarriak edo lotsagarriak oharkabean pasatzeko.
Ez dira betiko garairik onenak informazioa maite dugunontzat. Horregatik, tarteka begiak ixtea komeni da, eta iluntasunean atseden hartzea. Nik gaur egin dudan bezala.