Sisifo askatu

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2018ko api. 17a, 15:31

Gogoan dut krisialdi ekonomikoa ate joka genuela gurasoek irmo ukatzen zutela halako gainbehera bat etor zitekeenik. Gurasoek, gerraondoko giro urrian sortuak, beti gorako hazkunde ekonomiko oparoa ezagutu izan dute inguruan, eta, nonbait, esperientzia horregatik uste zuten ezinezkoa zela atzera egitea berriz, eta beti halako aurrerapen eternalean biziko ginela denok.
Ikasi zuten, ordea, urtetan irabazitakoa hilabete eskas batzuetan gal daitekeela, eta, lan-munduan, prekarietate lotsagabea izan daitekeela borroka luze baten bidez irabazitako eskubideen biharamuna.
Eskubide eta askatasun indibidual eta sozialen murrizketa dela-eta, berriz, esanen nuke nire belaunaldikoak garela harri eta zur gelditu garenak. Orain dela hogeita bost urte askatasun osoz adierazten ahal ziren gauzak zigor-iturri dira gaur egun, edota, haizeak nondik jotzen duen, ez dago ziur jakiterik ez ote zaren une batetik bestera terrorista bilakatuko.
Sisiforen mitoa datorkit gogora; Jainkoen zigor baten ondorioz, Sisifok behin eta berriz igo behar zuen harritzar bat aldapa pikoan gora bultzaka mendi baten gailurreraino, baina lortzear zegoen bakoitzean, harria gainbehera amildu eta behin eta berriz hasi behar zuen gizajoak lan horretan, sekula eta betiko ahalegin antzuan.
Nonbait, halako zerbait gertatzen da gizartean aurrerapen sozialekin. Ustez lortutakoa ez dago inondik ere finkatuta, eta, aurrera eginen bada, aurre egin behar zaie ezinbestez indar atzerakoiei.
Baina itxaropentsu nabil, joan den larunbatean 50.000 Sisifo ikusi bainituen Iruñeko karriketan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!