Bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2017ko eka. 13a, 17:46

Uda ate-joka ari zaigu, eta bidaiaren bat prestatzeko lanetan ari da jende asko, gure eguneroko karrika ezagunak alde batera utzi eta mundu berriak ikusteko grinaz.  
Benetan zoragarria da munduan barna bidaiatzea. Bestelako paisaiak, jende berria, tradizio bitxiak, janari-klase txundigarriak, lehen mailako artelanak… dena berri ageri zaigu bidaiatzen dugunean, zenbat eta urrunago, orduan eta modu exotikoagoan.
Bidaia erritu iniziatiko moduko zerbait izan da tradizioan, ia esperientzia existentzial bat, bidaiariak munduaren gainean duen ikuspegia aldatzerainokoa. Dudarik gabe, liluragarria da Ulises, Marco Polo edota Livinsgton doktorearen pare sentitzea leku arrotz eta eder batean gaudenean.
Baina ez dezagun geure burua engaina. Benetako bidaiatik gutxi dute normalean egiten ditugun joan-etorri turistiko horiek. Bidaia aspergarri eta nekagarria egin, denek egiten duten argazki hori berbera atera, jatetxe onen jende ilarak saihesteko janari lasterra irentsi, eta halako ezaugarriak izaten dituzte gure bidaiek; eta kontu gustagarrienetako bat, jakina, egindako argazki polit bat sare sozialetara igo eta besteengan inbidia pixka bat sortzea.  
Baina, hala ere, ez dago gure betiko mundutik atera bezalakorik primeran pasatzeko. Eta gainera, oharkabean bada ere, bidaiak bere lana egina izanen du gure baitan, eta, itzulitakoan, beste begirada batekin ikusiko ditugu gure eguneroko karrika ezagun horiek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!