The winner

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2017ko ots. 28a, 16:32

Irri-emangarri suertatu da hain ospe handia duten Oscar sariak emateko ekitaldi arranditsua. Jakinaren gainean egonen zarete dagoeneko; film bat irabazle iragarri eta gero, eta irabazleak agertokiaren gainean zeudenean jada, halako batean iragarri dute oker bat izan dela tartean, eta beste film bati eman diote saria azkenik.
Printzipioz erraza dirudi: epaimahaiak irabazle izendatu duen filmaren izena dago idatzita gutun itxi baten barnean, eta ekitaldiko une gorenean, plastikozko bisaia duten bi aktorek gutuna ireki eta filmaren izena irakurri behar dute mundu guztiko milioika ikusle begira-begira dituztela. Badakizue, and the winner is…
Baina aurtengo ekitaldian galtzagorri suertatu da irabazle, edo sorgina, nahiago baduzue, alegia, gutxien ustean gure antolamendu perfektua hankaz gora jartzeko prest egoten den adur zoragarri hori, edozein dela ere hura izendatzeko erabili nahi dugun izena.
Nobela batean irakurri edo film batean ikusi izan bagenu ekitaldi horretan gertatu dena, sinestezina irudituko zitzaigun, egilearen gehiegikeria bat, errealitatean ezin gerta litekeen zerbait. Baina gertatu da, gure kontroletik kanpo dagoen indar basati hori oraindik bizirik dagoen erakusgarri.
Aitortuko dizuet, nik lasaitu ederra hartzen dut halako ezustekoak ikusten ditudanean, gure mundu karratu honetan oraindik dena galduta ez dagoelako esperantzan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!