Garai gorriak heldu dira, gorriak ikustekoak. Lasai, horrekin ez dut esan nahi garai latzak datozela, gorrixkak baizik. Gorria boladan dago, eta, dirudienez, hala jarraituko du, bai bederen etorkizun hurbilean.
Batetik, urtero bezala tenore honetan, hasiak dira jada zapi gorriak nonahi agertzen, festa handiaren iragarle; azkenaurreko eskailera-maila igota, ez da deus falta herritarrek aukeratutako pertsona batek txupinazoa bota eta uholde gorria abian jar dezan.
Bestetik, Osasuna ari zaigu festen aurreko giroa majo berotzen. Aste honetan milaka oihu adituko dira Nafarroa guztian barna, eta, kukuak nola jotzen duen, agian gorriz jantziko zaigu Iruñea heldu den larunbatean, pozaren pozez.
Bestalde, laster hauteskundeak eginen dira berriz ere Espainiako Gobernua osatzeari begira, eta, nonbait, gorriak ikusiko omen ditu gorria ikur gisa erabiltzen duen alderdi batek, morea ikur gisa erabiltzen duen olatu gorriak irentsiko ote duen beldur. Luze gabe ikusiko ditugu uste horren norainokoak.
Eta, azkenik, odolaren gorria da gorri denetan gorriena, eta joan den igandean jakin genuen gero eta odol-emaile gehiago dagoela Nafarroan. Zinez poztekoa.
Beraz, lagunok, eutsi gorriari, eta uda ona pasa.