Maskara

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2016ko ots. 2a, 17:12

Inauteria etorri zaigu berriz ere, eta harekin batean, maskararen zeremonia beste behin ospatzeko tenorea. Mozorroak eta maskarak oso ikusgarriak izaten dira, eta xarma berezia du nortasuna gordetzearen inguruko metafora horrek, agian maskaratze horrekin izugarri identifikatzen garelako.

    Izan ere, akaso beti ibiltzen gara maskara jantzita besteen aurrean, eta ez bakarrik inauterietan, sekula santako egun guzti-guztietan baizik. Horrela, pixkana-pixkana fabrikatzen dugun pertsonaia horren irudia emanda, besteek ez dakite xuxen nolakoak garen benetan, guk transmititzen diegun irudi hori besterik ez baitute ezagutzen. Are gehiago, beharbada guk gerok ere ez dakigu benetan nolakoa den geure burua, hain gaude ohituta maskara jantzita ibiltzen, baita ispiluaren aurrean ere!

    Baina munduan azeri zaharrik bada, bizitza bera dugu hori, eta aldian behin ataka gaizto batera eramaten gaitu ustekabean, eta han biluzik uzten, ahal dela, negu gorriaren erdian. Eta hantxe, hil edo biziko egoera horretan, istant batean zirt edo zart egin beharreko une horretan, maskara kentzea beste biderik ez da izaten, eta orduantxe uzten dugu agerian gure benetako bisaia, denek ikusteko moduan, edo, akaso, geure buru txundituaren aurrean bakarrik.
    Eta une hori izugarri ederra izaten ahal da, edo Infernuko ataria. Eta ezin jakin, unea ailegatu arte.
    Galdetu, bestela, joan den asteburuan Sakanan gazte bat autoz harrapatu eta bertan hilda, ihes egin zuen lagunari. Denok eramaten duguna bezalako maskara polita brastakoan erorita, hantxe du betiko, ispiluan islatuta, ziur aski orain arte ezagutzen ez zuen benetako aurpegi ustela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!