Kirola

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2015ko ira. 15a, 18:32

Gaurkoan osasungarri natorkizue, kirolaren aldeko aldarria zabalduko baitut hemendik. Eta musu-truk gainera, inork ez dezala pentsa Osasunbidearen pizgarri ekonomikorik jasoko dudala ongintzazko ekimen honen truke. Kontua da ohartu naizela kirola eginez gero puskan hobeki sentitzen naizela, eta zuekin partekatu nahi dut, zuek ere kirola egin eta zuen bihotza sendotu dezazuen.
Kirolak, jakina, ez du deus ikustekorik telebistan ikusten dugun horrekin, badakizue, albistegian munduko hondamendi latzenek adina denbora hartzen duen zirku lotsa-emangarri horrekin. Ez ba, kirola askoz gauza xumeagoa da; aski da oinetako onak izatea, baloi bat edo bizikleta bat, eta, egon lasai, ez dago-eta profesional baten gisara jantzi beharrik, kaleko giroa ikusita bestela pentsa badaiteke ere. Eta paseo eder bat ematea ere kirola da, zer demontre, ezin merkeagoa, gainera. Ezinbesteko gauza bakarra aritzeko gogoa izatea da, eta alferkeriari astindu ederra ematea, gailentzen ari zaigula sumatu bezain laster.
Kirola egiten hasita, ez ito gero hartan garai bateko jonkiak heroinaren zuritasunean itotzen ziren bezala, batzuetan sekulako joera izaten baitugu mutur batetik bestera joateko. Neurrian aritu, eta bilatu zeuen bidea, nork berea baitu, besteen arrastoari segitu beharrik gabe.
    Eta sekretu bat kontatuko dizuet: kirola eginez gero, hain goibel margotzen diguten etorkizun horrek bestelako tonu bat hartzen du, gutxien-gutxienean distira gorrixkak dituen more urdinkara bat, egun eder bateko argi-hastea iduri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!