Tonbola

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2015ko mai. 14a, 14:13

Hasi omen dira tonbola paratzeko lanak Sarasate pasealekuan. Udako kutsua dakarkigun kontua izaten da hori, atsegina nik uste, azken batean festak hurbil ditugulako seinalea baita.
Baina iragartzen dutena gorabehera, tonbola bera ere atsegin zaigu, halabeharraren edo suertearen misterio konprenigaitza osagai duten gainerako joko guztiak bezala. Izan ere, esfortzu bera eginda, hau da, denok txartelak prezio berean pagatuta eta nahi adina erosita, batzuk esku hutsik aterako gara tonbolatik, baina beste batzuk, ordea, algaraka hasiko dira ospatzen esaterako bizikleta itxuroso bat eskuratu izana, iazko sanferminetan nik hamar txartel erosi eta segituan txartel bakarra erosi zuen kankailu harroxko hura adibidez, nor eta, mila demonio beltz, Real Madrileko elastikoa zeraman merenge xinplizio hura...

Baina suertearen nondik norakoak eta nire inbidia alde batera utzita, ez ditzagun tonbola baten antzera hartu heldu den asteko hauteskundeak. Aldaketaren saria ez dago halabeharraren esku, herritarron esku baizik, non ez garen etxean gelditzen saria beste batzuek ekarriko digutelakoan. Iruñean eta Nafarroan ere kexak izan dira nagusi hondarreko lau urtean, aspertzerainokoak ere maiz, eta hauxe da unea indar hura guztia bideratu eta gauzak aldatzekoa. Aldaketa etorriko bada, guk gerok ekarri beharko dugu boto bana emanez.
Baina herritarrek aldaketa egiteko aukera sortu eta gero, hauteskunde-igandearen biharamunean bestelako lan bat ere beharko da, eta ez nolanahikoa: alderdi politikoen jarrera, herritarren nahia gauzatu ahal izateko.
Eta tonbolan ez bezala, horretan ez du halabeharrak aginduko, ardurak baizik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!