Agur. Aste beltza gertatu zaio eskuin espainiarzaleari. Mariano Raxoi
erortzean, Ciudadanos, UPN eta bertze hainbat alderdiren eragina Madrilen
ahuldu da dexente. Gainera, euskararen kontrako manifestazioan ez dute
bildu pentsatu adinako jende kopurua. Aurrekoa gutxi ez bada ere, UPNko
Iñaki Iriarte parlamentario euskaldunak iragarri du Parlamentuko eserlekua
utziko duela.
Duela zenbait urte, UPNren diskurtsoak argi uzten zuen Nafarroako Foruen
defendatzaile sutsuak zirela eta errespetu handia zietela herrialdeko
bereizgarriei. Gaur egun, ordea, nafar nortasunaren ikurren kontra noiznahi
ikusten dugu UPN, Madrilgo zentralistekin batera jokatuz baita foruen eta
tokiko hizkuntzaren gaietan ere.
Galdera aise dator mihira: hilabete gutxi barru zein izanen dira Nafarroako
eskuineko alderdien arteko bereizgarriak? Ezaugarri bereizle batzuk
aurkeztuko dizkigute, jakina, baina inork sinetsiko ditu?
Deigarria gertatu zait, euskararen kontrako mobilizazioa deitzeko orduan
baliatu dituzten argudioetako batzuk: mespretxuzkoak edota arrazakeria
oinarri dituztenak. Eta ez da kasualitatea izan, ez; oihu, afitxa eta
pegatinetan ere, ikusi baititugu emakumeen kontrako bortizkeriaz erabilera
isekagarriko hainbat.
Antza, gestioa galtzea ez da eskuinak erraz onartzen duen zerbait, ez
Iruñean, ez Nafarroan eta ezta Madrilen ere.