Agur. Vladimir Putin errusiar presidenteak berriz ere irabazi ditu hauteskundeak. Botuen herena pasatxo lortu duenez, 2024 urtera arte segituko du karguan. Putinek 65 urte dituenez, Errusiako lehendakari segituko du jubilatu nahi arte.
Duela gutxi, Xi Jinping txinarrak Konstituzioaren Erreforma proposatu eta lortu du presidente jarraitzea nahi duen arte. Xi Jinpinek 64 urte ditu eta mugarik gabe aginduko du Asiako herrialde erraldoian.
Argi dago Errusian eta Txinan presidenteen botereak ez duela mugarik: ia-ia hil arte segitu ahal izanen dute agintzen. Finean, lehengo enperadoreen gisa berean.
Hortaz bertzalde, kontuan hartzekoa da Txina eta Errusiaren artean biltzen dutela munduko populazioaren %20 baino gehiago. Gainera, bi erraldoien eragina Asian ez ezik, Hego Amerikan eta Afrikan gero eta nabarmenagoa da.
Horrelako boterea duten agintarirengandik zernahi espero dezakegu. Eta antzekoa da Donald Trump presidente amerikarraren handinahikeria. Beraz, entzule, internet bidezko erasoak, espioien arteko kontu ilunak eta munduko gatazkak zein bertze miseria batzuk areagotzen badira, ez harritu.