Ustelkeriaren kontrako superheroiak

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2018ko urt. 22a, 17:59

Agur. Telesailei erreparatu diet azken honetan. Uste nuen telesailen zaleen
sukar horretatik kanpo nengoela baina oker nenbilen. Zinez, telesail
horietako batzuk arras ongi eginak daude: gidoiaren ezustekoak, irudien
kalitatea, aktoreen lan ona eta, bereziki, gertatuko denaren jakinmina nola
dakiten pizten.
Nire gustukoak Estatu Batuetako batzuk dira eta harritu naiz sistema
politiko-ekonomikoari egiten dizkioten kritikengatik. Ikusi ditudan
telesailetan gaizkileen eta politikoen arteko sareak nabarmen ageri dira.
Finean, ustelkeria.
Ematen du adierazi nahi digutela soilik ausartenek eta eroenek egin
diezaioketela aurre sistema galdu horri; hortaz, superheroia ez bazara, bi
aldiz pentsatu behar duzu ustelkeriaren kontra egiteko.
Eta ustelkeriaren kontra, geure inguruotan aritzen direnez hausnartu dut
azkenean. Ez dakit superheroiak diren, baina argi dago sistemak oso gogor
astintzen dituela. Azken egunotan Kontuz taldeko Patxi Zamoraren kontra
egin dute.
Kontuz taldeak salatu ditu Nafarroako aurrezki-kutxetako boteretsuen
gehiegikeriak. Taldeko kazetari eta ikertzaile horien artean Patxi Zamora
nabarmendu da: beharbada, horregatik boteretsuek haien mendekua gizon
horren aurka zuzendu dute.
Hegazkineko laguntzaile aritu da 31 urtez eta ez du delikturik egin. Halere,
Guardia Zibilaren komandante batek hegan egiteko txartela kendu dio.
Gainera, txartela ez diote berritu azalpenik eman gabe. Prentsaurrekoan,
Kontuz taldekoek salatu dute hori ere ustelkeria dela. Neronek pentsatu dut
telesail baterako gidoi ikaragarria idatzi ahal dela: errealitateak gainditzen
du fikzioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!