Elefanteak eta Trump trastetegian

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2017ko abe. 11a, 17:14

Agur. Bideo hunkigarria ikusi nuen aurreko egunean. Indiako ibai batetik hurbil, elefante kume bat zanga batean erori zen. Elefante saldokoek ezin zuten deus egin ateratzeko, baina gizaki batzuk egoeraz jabetu eta induskailu baten bila joan ziren.

Makina hondeatzailea baliatuz, zangako lurra kendu eta elefante kumeari lubakia luzatu zioten ibairaino. Orduan inguruko jendea hasi zen askatasuna ospatzen eta elefante saldoko guztiak ibaian sartu ziren kumea jasotzeko.

Harrigarriena, ordea, elefante handien portaera izan zen. Jendeari begira gelditu ziren eta, tronpak goratuz, agur eta esker oneko zeinua egin zuten. Gizakiak berehala konturatu ziren elefanteen jokabideaz eta txaloka eta oihuka agurtu zituzten animaliak.

Irudi hori buruan iltzatua gelditu eta, berriz ere, asaldatu nau Amerikako Estatu Batuetako presidentearen azkenaurreko erabakia ezagutzean. Izan ere, Donald Trump-ek iragarri du parke naturalei dirulaguntzak murriztuko dizkiela. Antza, oraingo dirulaguntzen bidez, zaindu beharreko eremua baino gehiago babesten dute eta Trumpek aukera eman nahi die enpresei parke naturaleetako baliabideak ustiatzeko.

Misoginoa, arrazista, gerrazalea eta natura mugagabe esplotatzearen aldekoa dugu Amerikako amesgaizto hau. Elefanteak eta Trump trastetegian sarturik, oso argi dut nork hautsiko lukeen ontzi gehien.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!