Lepoan hartu eta segi aitzinera

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2017ko eka. 12a, 15:56

Agur. Bizkarrezurreko orno baten ebakuntzagatik ospitalean zaude eta, zoritxarrez, ez duzu zure ideiaren gauzatzea ikusterik izan. Osatzen animatzeko, erranen dizut zure ideia arras ongi atera dela aitzinera. Herriko erakunde desberdinetako kideok, txandaka, irudikatu dugu presoen senideek zenbat kilometro egiten duten bisita bakoitzean. Horretarako, spining egiteko bizikleten gainean ibili gara asteburuan zortzi orduz presoekiko eta haien senideekiko elkartasunagatik.

Pozik egonen zara: bizikleten gainean ibiltzeko txanda guztiak bete ditugu. Gainera, herri bazkari jendetsua izan da eta herriko erakunde anitzek parte hartu dute ekimenean. Nahiz eta zinegotzi eskuindarrak trabak jartzen saiatu, erraldoien konpartsak ere parte hartu du.

Aski argi dago: presoen eta senideen eskubideak errespetatzeko aldarriek gero eta oihartzun handiagoa dute gizartean. Gure herrian, bederen, lehenago nekez lortzen ziren atxikipenak ohikoak dira egun. Halere, eskuin muturrekoak tematuak daude gaia baliatzen espainiarrago agertzeko eta haien lotsariak tapatzeko.

Mezu honen bidez eskertu nahi dizut gure elkartasuna agertzeko eman diguzun aukera. Zure ideiari esker, gatibuen senideak babestuago sentitu dira eta herriko auzokide gehiago konturatu dira egoeraren bidegabekeriaz.

Beraz, animo! Zaindu, osatu eta errehabilitazioa ongi egin. Horrela, hilabete batzuen buruan, orno hori konpondu bezain laster, elkarrekin izanen gara gatibuen eskubideen alde zeinahi ekimenetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!