Agur. Goizean, Kontxak zebrabidean sartu du bere gurpildun aulkia eta autoa geldiarazteko eskatu dit. Agurtu ondoren, jakinarazi dit taxian sartuko duela aulkia. Kontxa pozik dago bere aita zenaren gorpua bilatzeko baimena lortu baitu. Horregatik geldiarazi nau hain era xelebrean, baina ulergarria da bere poza.
Kontxa Dieguez Jakaren aita gerra zibilean hil zuten. Claudio Doroteo Dieguez Loza trenetako sugina zen eta CNTkoa. Gerraren hasieran Kontxaren aita fusilatu ondoren, etxea erre zieten Etxarri Aranatzen eta abereak ebatsi. Gaur egun, Kontxak 87 urte ditu eta, gurpildun aulkian,
administrazioan bulegoz bulego ibiltzen da aitaren gorpua kausitzeko ahaleginetan.
Gaur egun berezia da. Ezkabako gotorlekuan ihesaldia oroitzeko jardunaldia da, baina Kontxa eta bertze ehunka berriozartar Auzo zaharreko elizara etorri gara.
Duela minutu gutxi Juanito Urdaniz zenaren hilkutxa sartu dute. Juanito nekazari eta umore oneko gizon ona zen. Duela hilabete gutxi, Juanitok erakutsi zuen Ezkabako gotorlekuko iheslari batzuk non lurperatu zituzten. Juanito haurra zen gizon haiek fusilatu zituztenean eta gertatutakoa iltzatua gelditu zitzaion oroimenean. Aranzadi elkarteak, Berriozarko Udalak, memoria historikoaren erakundeek eta erahildakoen senideek biziki eskertu zioten bere testigantza Juanitori.
Eukaristiaren bukaeran, Kontxa altxatu da gurpildun aulkitik eta hilkutxa ferekatu du; ikusi dugunok ezin izan diogu malkoari eutsi.