Lurrikara pairatutako geologoa
Agur. Egunotan, lurrikara sumagarri batzuk iragan ondoren, Antonio Aretxabala adituaren hitzak aditu ditugu. Geologoak argi eta garbi adierazi du sismo gehiago ezagutuko dugula; izan ere, Nafarroa, Pirinioetako faila handi batzuen gainean dago.
Lurrikarak garrantzi handikoak izanik, bertze mugimendu bat pairatu behar izan du Antonio Aretxabalak bere lanbidean: Nafarroako Unibertsitatean 25 urtez lan egin ondoren, duela aste gutxi kaleratu dute. Geologo ezaguna, Estatuko Geologoen Elkargoak Nafarroarako ordezkari izendatua, Aretxabalak anitz enpresa zein erakunderekin egin du lan.
Zoritxarrez, Esako urtegiari buruz argi eta garbi hitz egitea bururatu zitzaion. Geologoak behin baino gehiagotan salatu du Esako urtegiaren magaletako arriskua. Salaketa hori bera Nafarroako Parlamentuan egin zuen eta, ordutik egun gutxira, bere kaleratzearen berri izan genuen.
Aretxabalak kaleratzea salatu du, gaineratuz, bere iritzia emateko datu zientifiko objektiboak baliatzen dituela. Nafarroako Unibertsitateko arduradunek, ordea, argudiatu dute kaleratzeko arrazoiak ekonomikoak eta antolamendukoak direla.
Argi dago. Nafarroako Unibertsitate horretarako Aretxabalaren ospea eta iritziak gero eta deserosoagoak bilakatzen ari ziren. Obra erraldoien enpresa boteretsuekin harreman ezin hobeak dituzten Unibertsitateko arduradunengandik ezin genuen bertzerik espero. Beraz, egiari zor zaiona agertzeagatik, hots: Esako urtegiaren arriskuez oharrarazteagatik, bota dute Nafarroako unibertsitate batetik zientzilari bat.