Euskararen komunitatean sartzeko gakoak
Agur. Egunotan, Iruñerriko 180 euskara ikaslek asteburuko barnetegia bizi izan dute. Batzuk, Altsasun izan dira; bertzeak, ordea, Lekarotzen ibili dira. Maila guztietako ikasleak elkartu dira Burundan eta Baztanen: hizkuntza ikasteko lehendabiziko urratsetakoak, ertainetakoak eta goi mailakoak.
Bertako hizkerak ezagutzeko dinamikekin hasi, tokiko abeltzainen, artistaren eta adituren azalpenekin segi, eta ostatu giroko solasekin osaturiko asteburu bikaina izan da.
Ikasle anitzek lehendabiziko aldiz ezagutu dute euskara hain era hurbilean; bertze anitz sekula ez dira mintzatu euskaraz bi egunez segituan; eta, horietako batzuek, estreinakoz, euskaraz egin dute amets.
Ikasle ugarik ez dute hitz egokirik topatuko haien bizipena azaltzeko, baina laburbil dezakegu erranez errealitatea euskaraz bizi izan dutela: baitako euskal nortasuna hasi direla aurkitzen. Haien burua eta mundua ezagutzeko bertze era bat aurkitu edo berritu dute, eta euskararen komunitatean sartzeko gakoak eskuratu dituzte.