Bakarrik ibiltzeaz

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2017ko urt. 9a, 17:15

Agur. Aurreko egunean, Iruñeko karriketan aspaldiko lagun bat ikusi nuen. Sekulako irribarrea egin eta luze laztandu ondoren, kafe bat hartzeko aukerarik ote nuen galdegin zidan. Lan anitz egin behar nuen arren, baietz erantzun nion eta ondoko kafetegi batera abiatu ginen.

Iruñeko hotzari aurre egiteko kafesne beroak eskatu eta ondoko jarlekuetan eseri ginen. Itxura ona zuela erran niolarik kontatu zidan kirolari peto-petoa dela: gimnasio batean lan egiteaz gain, fitness, crossing eta ingelesez bertze bizpahiru hitz erabili zuen adierazteko sabela txokolate-tableta egina duela.

Zernahi moduz, gimnasioaren lanagatik eta lasterketen prestatzeagatik denbora eskas samarra du. Ondorioz, aspaldian bereizi baitzen, semea etxean duenetan nekez egiten dio aurre ardurari: gehienetan, oraingo bikotekidearen laguntzari esker erdiesten du mutikoa behar bezala zaintzea.

Semeari eta bikotekideari denbora gehiago eskaintzeko aukera ote zuen galdeturik, zera erantzun zidan: egungo estresak motibatzen duela eta gai ikusten duela bere burua guztiaz arduratzeko.

Orduan nire bizimoduaz galdetu zidan: erran nion ama zaintzea eta lan egitea direla nire ardura nagusiak. Horrez gain, aitortu nion gustatzen zaidala paseoan ibiltzea eta meditazioa egitea. Lagunak ihardetsi zidan bakarrik ibiltzea ez dela ona. Orduan, elkarri agur egin eta nork bere bideari ekin zion.

Elkarrizketaz eta estresak jotako lagunaren bizimoduaz gogoeta eginik, deliberatu nuen bizitzan bakarrik ibiltzea baino bakardade handiagoa dela barnehutsik egotea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!