Agur. Beharbada, Marisaren olerkia irakurri izanak tristura eragin zidan. Poema bakarra leiturik, banekien ez nuela segitu behar; garratzegia gerta zitekeen. Aukeran hobe nuen lagunekin elkartu eta grabitazio uhinez aritu, eta horixe egin nuen. Elkarrekin zurrut egin eta, afari legea heldu baino lehen, lagun batek kontatu zidan Turkiak gerra ekintza abiatu duela Siriaren kontra.
Luze aritu ginen Turkiaren erabakiaren ondorioez. Afaldu ondoren, lagunak nekaturik etxeratu ziren. Neronek bertze garagardo bat behar nuenez, ostatu batean sartu nintzen. Atarian utzitako erretzaileez gain, bizpahiru gizon horditurik baino ez. Zerbitzariak garagardoa jarri eta eleketan hasi zitzaidan mozkortiak uxatu nahian edo.
Garagardo parea elkarrekin edan ondoren, Andreak bere arrrangurak kontatu zizkidan. Geroago, biok musikari erreparaturik, ozenago jartzeko eskatu nion: ez da batere arrunta "Gov´t mule" taldea ostatuan aditzea. "Movers and shakers" abesti garratzaren ahots urratuak gozatu eta gero, Warren Haynes maisuaren gitarraren doinuak segitu genituen. Nota bakoitza otsoaren ulu saminduen eran sartzen zitzaizkidan; ahoan korapiloa sentitu eta gitarraren garrasiak malko bihurtu zitzaizkidan.
Ez dakit musikagatik edo nigatik, baina Andrea ere negar malkotan hasi zen: barra gainera igo eta besarkatu ninduen. Hala egon ginen abestia bukatu arte. Elkarri musu eginez agur egin genion grabitazio uhinaren astinduari.