Igeltsero eskuzabala

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2016ko ots. 1a, 18:34

Agur. Mitxel harroskoa da, bai, baina igeltsero fina eta pertsona ona. Aurreko egunean ostatuan elkartu ginen eta gonbidatu ninduen. Bere lagunak ez zeuden, ezta nire lagunartekoak ere. Mitxelek badaki solaskiderik lortzen edariaren truke, baina aitortu behar zaio bere eskuzabaltasuna.

TRWz, industriaz eta lanaz mintzatu ginen zenbait minutuz, baita igeltseroen estuasunez ere. Gero, Abdul saltzaile ibiltaria ailegatu bezain laster, Mitxelek gonbidatu zuen. Galtzerdiak nik erosi nizkion ezin bainuen gastu guztia Mitxelen gain uzten. Abdul beltz-beltza da eta musulmana: garagardorik ez, beraz, eta freskagarri laranja eskatu zuen.

Solasean aritu ginen ondoko mahaiko emakume batek garagardo bat ordaindu zidan arte. Eskerronez, basoa altxa eta osasuna opa nion. Mitxelek zeharka begiratu zidan, baina ez zidan aurpegiratu neskarengana hurbiltzeko intentzio eza. Horrelakoetan, berak baliatu ohi du aukera, baina herenegun ez zuen egin.

Mitxelek, garagardoa bukatzean, "ezinezko maitasuna ez duzu aurkituko basoaren hondoan" erran zidan. "Bueno, Jokin, etxera noa". Harriturik, zerbitzariari galdetu nion ostatukidearen portaeraz. Zerbitzaria neska jatorra eta jakintsua da: azaldu zidan Mitxelek edandakoak eta gainerakoei ateratakoak zorretan utziak zituela. Hilabetearen hondarrean gaude eta, dirurik izan ezean, igeltseroak horrela egin ohi du.

Zerbitzariak badaki Mitxelek dena ordaindu eta inguratzen zaigun hurrengo emakumea gonbidatuko duela; nik, berriz, hausnartu behar dut neure itsukeriaz eta Mitxelen eskuzabaltasunaz. Krisiak krisi eta maitasunak maitasun, gizatasunaz anitz ikasi behar dut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!